Udako ikastaroak
Kategoria :: Udako ikastaroak
Listo! Gaur da azken eguna! Udako Ikastaroak konturatu barik amaitu zaizkigu. Leku askotan jai eguna den arren, gaurkoan guk zabalik daukagu Iruñeko Hizkuntza Eskola. Ez da ezer geratzen maletak hartu eta etxera joateko...
Lau asteko abentura izan da aurten Udako Ikastaroena. Gai oso desberdinak, pertsona oso desberdinak... batu dira Eibar, Baiona eta Iruñean.



Atzo ikastaroen amaiera ospatzeko kontzertu berezia izan genuen Iruñeko Zaldi Zuria tabernan. Alde zaharreko leku magiko hartan jende pila bildu zen Leihotikanen kontzertua ikusteko. Giro aparta bertan, eta baita kontzertu amaieran ere.
Amaitu da, ez dago ezer gehiago dastatzeko Udako Menuan. Zapore guztietako jakiak izan ditugu, eta amaitzeko, musika, kafea, kopa, purua... eta bazkalosteko giroa: kantua, dantza...
Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi, eta datorren urtera arte!!!
Ez da ezer gelditzen ikastaroa amaitzeko!!!
Gaur gauean jai berezia izango dugu Zaldi Zuria tabernan. 20:30ean LEIHOTIKAN taldearen kontzertua egongo da. Animatu eta ondo pasatu!!!
Estresa bakoitzaren barnean sortzen den sentipen bat da: egonezina, mina... Baina euskaldunok lanak, gaixotasunak edo beste edozerk eragindako estresaz gain herri-estresa ere badugu. Leire Saitua yoga irakasleak dioenez, estresa arintzeko gure sentimenduak adierazi behar dira, barrua hustu behar da, eta politika gaietan gero eta gutxiago egiten omen dugu horrelakorik. Oteizaren 14 azpi ariketak erabiliz herri-estresaz askatzen saiatzen ari dira ikastaro honetan.
Soinuak irudiak baino gehiago adieraz dezake. Beldurrezko pelikuletan, adibidez, soinuak berak adierazten digu noiz egon behar garen erne. Soinuak ematen dio tentsioa eszenari.
Mundua soinuaren bidez jaso eta ulertzen ikasiko dute "Zergatik ez soinu bitakora?" ikastaroan. Hots edo soinuez baliatuta, inguruko paisaiak zein gertaerak azaltzeko gaitasuna landuko dute. Soinu bitakora blog berezi bat da, istorioak soinuaren bitartez kontatzen dituen bloga. Audio blog edota Pod Cast bezala ezagunagoak badira ere, Bitakora hitzarekin soinuekin bidaiak egin daitezkeela nahi izan dute adierazi. Soinuarekin bidaiak egin eta kontatzeko gaitasuna dugu, beraz; bidai errealen, onirikoen, fikziozkoen edota gure ametsen bitakorak egin daitezke. Soinu bitakorek istorio edo gertaerak testu eta argazkiekin kontatu beharrean, soinuarekin kontatzen dituzte. Hots edo zarata ezberdinak, musika, ahotsa eta isiltasuna dira soinuak istorioak kontatzeko dauzkan baliabideak.
Hizkuntzen botere ekonomikoa dugu hizpide egun hauetan UEUn. Batez ere, euskararen botere ekonomikoa. Euskarak saldu egiten du. "Oso abertzaleak gara euskararekin, euskara ez dakitenei ere ilusioa egiten die iragarkiak euskaraz ikusteak" dio Yoseba Peña ikastaroaren arduradunak. Euskaraz egiten ez den kulturari ere euskal kultura deritzogu, baina horrela al da? "A las ocho en el bule" euskal kultura al da? Eta Doctor Deseo? Gazteleraz idatzitako Euskadi Saria euskal kultura al da? Bakoitzak eman beza bere erantzuna.
Zer deritzozu egun dugun hezkuntza sistemari? Egungo hezkuntza nazional edo estatalek pertsonak sistema kapitalista baterako hezten dituela dio Tania Martinez "Irakaskuntza metodo alternatiboak: irakaskuntza libertarioa" ikastaroko arduradunak.
Hezkuntza sistemak txiki-txikitatik gure biziarekin zer egin behar dugun zehazten duela salatu du, hezkuntzak lizentzia handiegia hartzen duela. Irakaskuntza eta heziketaren arloetan interesa duten pertsonei zuzenduta dagoen ikastaroan, gaur egungo irakaskuntzaren inguruko hausnarketa egiteaz gain, metodo alternatiboak bilatzen saiatuko dira. Metodo alternatibo horien bila, teoria libertarioak izango dituzte oinarri. Anarkismotik zetozen autore eta pentsalari askok beraien proiektu soziopolitikoarentzat garatu zituzten hezkuntzaren inguruko teoria hauek.
Ondarea arbasoengandik jasotzen dugun hori da, izan daiteke ondare naturala, materiala edo ezmateriala. Ikastaroetan jorratzen ari direna ondare materiala da, eskuekin uki eta har daitekeen hori. Historiaurretik XXI.menderainoko tartearen ezagutza minimo bat jasoko dute parte hartzaileek, eta ondoren ikasitakoa praktikan jarriko dute Orbaitzetako Arma Olan.Mikel Errazkin Aranzadiko kideak dioenez, ondarea aitzakia ona da Euskal Herria beste modu batean ezagutzeko. Ezagutza beharrezkoa da ondarea mantendu nahi badugu. Nola iraunarazi ezagutzen ez dugun hori?
Ipuinen munduan murgilduko dira kontu kontalari tailerrean. Ipuinak ezagutu, sortu eta kontatu egingo dute, baina batez ere ipuinekin gozatu. Ipuinak entzun eta kontatzearen gozamena da tailerraren helburu nagusia.
Zenbat ipuin dakizkizu? Edurne zuri? Txano gorritxo? Mari Errauskin? Besterik ez? Uste duguna baino zabalagoa da ipuinen unibertsoa. Beti ipuin berdin edo oso antzekoak entzun eta kontatzera ohituta gaude, ez gara jabetzen ipuinen aniztasun eta aberastasunaz.
Astelehena eta Iruñeko Hizkuntza Eskola. Hasi da iada ikastaroen azken astea! Gaur lau hasi dira dagoeneko.
Komunikazioa. Egunero komunikatu behar dugu, izan lagunekin, familiarekin, lankideekin...Baina ongi ulertzen al dugu elkar? Eta ba ote dakigu besteak entzuten? Komunikazioaren oinarrizko unitateak mezuak dira, eta mezuen %7a bakarrik dira hitzak, beste guztia gorputzak eta ahotsak egiten dute. Nahikoa erreparatzen ote dugu geure gorputz eta ahotsean? Gotzon Carcarrekin horretan ikasiko dute, entzuten eta hitz egiten, gorputzarekin eta ahotsarekin mintzatzen, komunikazioaren helburu sublimea hitzik gabe komunikatzea baita.
Zenbat denbora galtzen duzu alferrikako bileretan? Zenbat txarto ulertu egoten dira bezeroen eta zerbitzua ematen dutenen artean? UEUko informatika sailak antolatuta, "Wikiak eta elkarlanerako tresnak" ikastaroa hasi da gaur bertan. Denbora ez ezik txarto ulertuak ere aurrezteko tresna aproposa. Gorka Juliok informazio kudeaketa parte-hartzaileago, deszentralizatuago eta taldekoi baterako tresnak aurkeztuko dizkie ikasleei.
Wikiak pertsona batek baino gehiago editatu, eraldatu edota ezabatu ditzakeen orrialdeak dira. Aldaketa horiek artxibo batean gordetzen dira. Arazoren bat egonez gero, atzera egin eta aldaketak desegitea posible da beraz. Wikiak idazkera elkarreragilea modu seguru batean egiteko tresna egokienak izan daitezke.
Amaitu zaigu Baionako egotaldia... pena handiz utzi dute ikasleek Apez Etxea. Ikastaroen amaiera goxatzeko, baina, aurretik gau berezia izan genuen Kalostrapen. Leku dotorean batuta, bakarrizketa eta kontzertua izan genituen ostegun iluntzean.
Lehenengo, garbitzaile batzuen txanda izan zen. Dena prest izan behar zen gau hartarako. Dena garbi, dena kalkultatuta... eta hori zaintzeko zer hobe umore pixka bat baino! Kalostrape inguruak txukundu eta gero sartu zen bakarrizketalaria. Urte betean AEBn ikasteko aukera izan zuen bere neska-lagunak, eta hura bai pozik, munduko bigarren igerilekurik handienean. Mutila, berriz, gutunetan agertzen Nikolakis hura zein ote, Euskal Herrian sufritzen.
Barre ugari egin genituen mutil haren komeriak entzuten. Baina hor ez zen amaitu ikuskizuna. Buuz bu taldearen txanda zen orduan. Bertako guztiak aho-zabalik uzteko ordua. Talde hau paregabea da estilo desberdinetako musikak nahasten. Beatlesen "Hey Jude" kantatzen hasi, eta Itoizen "Lau teilatu"rekin amaitu zuten baten. Bestean, Ruper Ordorika eta Rolling Stones nahastu zituen... Kalostrapen bildutako guztien gozamenerako, doinu dantzagarri eta rockeroez disfrutatzeko aukera izan zen. Ez zuten Buuz bu taldekoek bezain beste izerdi botako, baina dantzaldiren bat egin zuen Kalostrapeko jendeak.
Eta biharamunean, azken eguna! Baionako ikastaroak amaitu dira. Asteburuaren ostean, Iruñera!
Zortzi ikasle eta irakasle bat, estilo ezberdinetako musika, mugimendua eta dantza... Zer gehiago behar da? Barnean dugun guztia gorputzaren eta dantzaren bidez adieraz dezakegu. Etxean gaudenean, izan triste, alai edo haserre, musika jarri eta dantzan hastea besterik ez dugu. Dantzaren bidez edozein emozio atera dezakegu kanpora, baina horretarako gorputza entzuten ikasi behar da. Etzan lurrean eta sentitu zure gorputza, hortik hasten da dena.
Antilla handietan librea ez den herrialde bakarra da Puerto Rico. Nafarroa bera baino txikiagoa den uhartea. Hala ere, ia lau milioi biztanle dauzka, atera kontuak! Lau mendez espainiarren menpe egon ongoren, 1898tik Estatu Batuen menpe dago Puerto Rico. Sekula libre izan al da? Estatu Aske Elkartua da gaur egun. Hori nahiko al da? Hori askatasuna al da? "Beste bideak eta beste esperientziak: estatu gabeko naziotik nazio estatura!" ikastaroan Estatu Aske Elkartuarena ez dela sistema egokia ondorioztatu dute. Puerto Ricon ere hala diote hasiera batean eredu horrekin ba zetozenek. Autonomismoak blokeoa dakarrela da ondorioa, aurrerapausoak ematea ezinezkoa egiten duen blokeoa.
Baionako ikastaroak aurrera doaz... Udako Menua aurrera doa... eta jaki gozoak hemen, Baionan, gutiziak!
Bihar egun berezia izango dugu hemen. Izan ere, ikastaroez gain, arratsaldean saio osagarri bat egongo da Baiona Ttipian. 19:30ean hasita Kalostrapen, AEK-ko tabernan, bakarrizketa-antzerkia izango dugu. Ondoren, kontzertua Buuz´bu taldearekin. Guztiok zaudete bertara gonbidatuta! Bertan jatekoa eta edatekoa izango da, eta giro onak ziur ez duela hutsik egingo!!
"Infusio honek honetarako, beste horretarako eta hartarako balio dizu"
Bai? Ez al da gehiegitxo? Magia larregi ez al dago hor?
Amaitu da dagoeneko sendabelarren inguruko ikastaroa, eta bertan ikasleek hainbat belarren propietateak ikasi dituzte. Ukenduak, infusioak... usain gozoz izan dute astelehenetik gaur arte euren gela. Eta argi geratu zaie: SENDABELARREN ATZEAN ZIENTZIA DAGO. Askotan produktu sintetikoak hartzen baditugu ere, produktu naturalek ondorio oso onak izan ditzateke gure gorputzean, hain bortitzak izan barik. Itziar Salegi ikastaroko irakasleak esan digunez, gakoa oreka lortzean dago: ofizialtzat hartzen den medikuntza eta naturopatia bateragarriak izan daitezke. Zientziak baitira biak.
Soziolinguistika ikastaroak Iker-eko kide den Battittu Coyos izan dugu gaur. Ipar Euskal Herriko legedia azaldu du, euskararen alde egiten den lana eta Frantziak jarririko oztopoak. Ez duela pesimista izan nahi adierazi digu, baina bai errealista. Horrela bada, ezagutzaz hainbeste kezkatu beharrean erabilerari kasu egiteko esan du, hori baita gakoa: "Ez da aski hizkuntza baten ezagutzea, erabiltzeko paradak ukan behar ditugu".
"Euskal bidea: Euskal Herria beste bide horien aurrean" mahai-inguruan Eneko Compains Nazio Eztabaidaguneko kidea izan dugu gonbidatu. Burujabetza berreskuratzeko norabidean, nazio eraikuntzaren bidea aproposa izan daitekeela azaldu du Eneko Compainsek. Nazio eraikuntzan dagoeneko eman diren urratsak ere aipatu ditu. Euskal curriculuma eta Euskal Unibertsitatea nabarmenditu hasteko. Izan ere, goi mailako formazioak eta orokorrean hezkuntzak ezinbesteko garrantzia dute, bereziki estatu gabeko nazio batez ari garenean. Nazio eraikuntza horretan, beste hainbat egitasmo ere aipatu ditu. Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua eta Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Karta, besteak beste, Izan ere, nazio eraikuntzak eremu eta esparru oso desberdinetan proposatzen ditu urratsak.
Estatu gabeko naziotik nazio estatura. Zaila dirudi, ezta? Zaila, baina ezinezko ez! Independentzia bideragarria da, politika, sozial eta ekonomikoki bideragarria. Hala adierazi du Txente Rekondo GAINeko kideak. Bera "Beste bideak eta beste esperientziak: estatu gabeko naziotik, nazio-estatura" ikastaroaren antzolatzailea da. Ikastaroan beste hainbat herriren ibilbide eta esperientziak aztertu dituzte, Quebec, Katalunia, Puerto Rico... euskaldunok hauetatik ikas dezakegulako. Aztertuko dituztenak eredu oso ezberdinak badira ere, guztiak izan daitezke baliagarriak. Ongi egin dutena, hemen ere agian egin dezakegulako, eta gaizki egin dutena berriz, gure herrian ez errepikatzeko. Gertugokoak edo urrunagoak ditugun herriak, baina guztiak ere borroka berarekin, ASKATASUNA
Ez ditugu eskubide berdinak. Guztiok euskaldunak izan arren, ez ditugu eskubide eta betebehar berdinak. Gipuzkoa, Bizkaia, eta Arabako euskaldunak daude egoera onenean; hurrengo nafarrak daudfe, batzuk behintzat, eskualderaren arabera; eta azken lekuan ipar euskal herritarrak daude, euskara inola ere onartzen ez duen gobernu baten menpean. Zer egin hori konpontzeko? Lehenik egoera zehatz-mehatz nolako den jakin behar da, ondoren irtenbideren bat topatu ahal izateko. Horretan saiatuko dira Euskararen Legeak izeneko ikastaroan.
Begiak itxi eta gorputzari entzun. Gorputza sentitu. Barrutik datorrenari arreta jarri eta gero adierazten saiatu. Ariketa sinple bat izan daiteke, lurrean etzanda egon eta kontzentrazio ariketa bat egitea bezain sinplea. "Gorputzetik hitzetara: izan eta esan" ikastaroa astelehenetik asteazkenera arte emango da Baionan. Naiara eta Izaro irakasleek esan digutenez, gorputzari gehiago entzun beharko genioke. Ez dugu denborarik hartzen horretarako. Norberak bere gorputza ezagutu, maitatu, eta sentipenak adierazteko ariketak egingo dituzte ikastaroan. Barnean dugunaz ohartu eta gorputzaz gozatzeko bide izan daite gorputzari entzutea.
Baionara heldu, eta lehen galdera: Behi, asto, ardi... urdinik ikusten al dugu? Langile zuri edota ume gorririk ba ote dugu inguruan? Kultura bakoitzak kolorearen erabilera eta ikuskera ezberdina dauka. Bizitza bera ulertzeko moduan bezala, mendebaldeko kulturak euskaldunon kolore ikuskeran ere eragin handia izan du. Euskaldunok lehen urdin ikusten genuena, egun gris ikusten dugu. Gure inguruan mendi eta baso ugari egon arren, itsasoaren kolorea ikusten genuen bertan. Ez zegoen berderik gure arbasoentzako. Hainbat koloreren izenak maileguz jaso ditugu beste hizkuntzetatik, eta koloreen bigarren esanahiak galduz doaz. Koloreen inguruko ikastaroan euskal kulturak eta koloreek duten harremanari buruz hausnartuko dute.
Listo! konturatu ere egin barik aste bi pasa dira dagoeneko, eta Eibarko ikastaroek gaur izan dute azken eguna.
Astelehenean Baionan izango gara jada, eta han, Apez Etxean, Udako Menuaz gozatzen jarraituko dugu:
- Gorputz-adierazpenaren inguruko ikastaro bi egongo dira. Batean hitzak landuko dira, bestean dantza
- Sendabelarren inguruko ikastaroa ere egongo da. Terapia herrikoiak zientifikoak ere badirela ikasiko dute ikastaro horretan
- Nazioarteari ere begiratu bat emango zaio, eta estatu gabeko nazioen inguruko hausnarketa egingo da, eta hainbat herrik nazio-estatura egiten ari diren bidea hobeto ezagutzeko aukera egongo da

- Soziolinguistika gaiak ere izango dira Baionan. Euskararen inguruko legeen inguruko hausnarketa egingo da: zernolako esperientziak izan diren, eta legeak euskarari zer eman ahal dion aztergai.
- Eta Udako Menuari kolorea ematera koloreen inguruko ikastaroa. Koloreen aurrean euskaldunok zer nolako ikuskera izan dugun eta dugun ikasiko dute Baionako Apez Etxean
Eta ikastaroez gain, saio osagarri bat ere izango dugu ostegunean. Ikastaroen partaideentzat, eta baita hurbildu nahi duen ororentzat bakarrizketa- antzerkia eta Buuz´bu taldearen kontzertua egongo dira Kalostrapen ostegun iluntzean.
Astelehenera arte, Baiona!!
Bitartekari izatea bitartean egotea da. Bi poloren artean. Gatazka baten erdian. Gatazkak konpontzeko tekniken inguruen jardun dute bitartekaritza ikastaroan, eta gatazkak konpontzeko KOMUNIKAZIOA behar-beharrezkoa da.
Gatazkak, handiak eta txikiak, egunero izaten ditugu... eta horiek konpontzeko lagun ona izan daiteke bitartekaria. Komunikazioaren bidez lagundu behar izaten diete gatazken partaideei. Pertsona neutral baten beharra izaten da holakoetan. Izan ere, haserre bagaude, ulertu egin behar dugu biok izan dezakegula arrazoia; biotako bakoitzak duela egiaren zati bat. Dugun gatazka konpondu egin gura badugu, horretan behintzat ados bagaude, aurrera!! Entzun, albokoaren bertsioa ulertzen saiatu, eta ideia kontrajarriak batzen, konplementatzen, saiatu.
Gaurkoa hizkuntzalaritzari buruzko azken eguna izan da, azken eguna, bederen, laburragoa izan dute. Laburragoa izateak, ordea, ez du esan nahi motelagoa izan denik, ez horixe! Erdararen interferentzia izan da aipatu duten gaietako bat; kalkoak, alegia. Ander Altuna UEUko zuzentzaileak dioenez, ez diegu beldurrik izan behar, baina behar ez ditugunak saihesten ahalegindu behar dugu. Hizkuntzak eboluzionatu beharra du, eta hein baten normala da beste hizkuntzetatik edatea ere, baina ezin ditugu kalko guztiak onartu.
Asmakizun bat: asko iruditzen gara? Zer esan nahi ote du? kar, kar... ¿Nos parecemos mucho?
Energia urriko mundu batean bizi gara. Energia ez da soberan dugun baliabide bat, mugatua da. Gutxi batzuk mundu osoko baliabideak kontsumitzen ari gara, eta beste batzuk, berrriz, ez dute energia hori lortzerik.
Badakigu petrolioa hemendik urte batuzetara bukatu egingo dela, eta alternatibak bilatu behar ditugu: energia iturri alternatiboak. Energia eolikoa alternatiba egokia ote da? Hor dugu Nafarroa, 34 parke eolikorekin, eta energi kontsumoaren %50 baino ez da hornitzen horrela. Paisaia ikaragarri aladatu dute errotek, eta oraindik ez dute lortu %100ean elektrizitatea hornitzerik.
Egungo gizarte ereduarekin, alternatibak bilatzea ez da erraza. Izan ere, gizarte eredu honekin, beti gehiago beharko dugu. Hori ondorioztatu dute "Energia, industria kimikoa eta bitxikeriak" ikastaroko partaideek.Gaur Oizen izan dira energia eolikoaren inguruan zertxobait gehiago ikasteko.
Atzo bezalatsu, gaur ere erabat kontzentratuta egon dira hizkuntzalaritza ikastarora etorri direnak. Kohesioa eta koherentzia alde batetik, puntuazio-sistema beste batetik... Jo eta su aritu dira apunteak hartu eta hartu. Eztabaidatu eta norberaren iritziak emateko parada ere izan dute, ordea; ikastaroak partehartzailea izatea dauka helburu-eta. Biharkoa izango dute azken eguna, eta landuko duten gaietako bat erderaren interferentzia izango da; eta gaztelaniatik hartutako kalkoak landuko dituzte, adibidez.
Gizarte bakoitzak komunikatzeko era eta arau oso desberdinak dauzka. Sarritan, ezagutzen ez ditugun ohitura, izate edota komunikatzeko arau horiek dira, hain zuzen ere, kulturarteko talkak eragiten dituztenak.
Jatorriz marokoarra den baina Euskal Herrian sozializatu den emakumea adibidez, Marokora doa eta ezin dio begietara begiratu gizon bati. Baina berarentzat zaila da komunikatzea begietara begiratu barik, hemen horretara ohitu delako; hemen komunikatzeko, besteak beste begirada ere erabiltzen dugulako.
Edo, gu geu, ez al gara deseroso sentitzen ezagutzen ez dugun pertsona bat hitz egiteko asko hurbiltzen zaigunean edo ukitzen gaituenean? Guretzat ez da ohikoa, baina kubatar batentzat edo kolonbiar batentzat bai. Kulturarteko talkak hobeto ulertu ahal izateko, gizarte ezberdinen ezaugarriak landu dituzte "Emakumeak eta Etorkinak" ikastaroan.
Gure bizitza gatazkez eta eztabaidez beterik dago, dudarik ez horretan. Baina, gatazka horiek konpontzeko bideak anitz direla ez da hain ezaguna. Bitartekaritza da bide horietako bat, eta gatazkaren muina detektatu eta akordio bat lortzeko negoziatzean datza. Egun hauetan gazteen arteko bitartekaritzaz ari dira Markeskoan Eli moreno eta bere ikasleak. Elik esan digunez, bitartekariaren lana asko zailtzen da gaztazkaren parte direnek euren sentipenak eta nahiak adierazten ez badakite, eta hori asko gertatzen da gazteen artean. Gurasoen lana da euren seme-alabei desio, sentipen eta emozioak adierazten irakastea.

Zientzia jolasa izan daiteke, dudarik ez! Kimikako ikastaroko lagunek behintzat primeran pasatzen dute!!... Gaur, bi-hiru minututan plaka fotovoltaiko baten bidez uraren hidrogenoa eta oxigenoa bereizi dituzte tramankulua leihoan jarrita. Eta, ondoren, hidrogeno horren bidez autoa martxan jarri dute. Bi minututan!! Berandu baino lehenago gure autoak ere horrelaxe ibiliko dira!
Gaurkoan bete-bete daukagu Markeskoa jauregia. Bost ikastarotako pertsonak batu zaizkigu, eta kafe ordua benetan ikusgarria izan da. Hizkuntzalaritzako ikastaroan dago jende gehien. Izan ere, arrakasta handia izan du ikastaro horrek: 20 pertsonentzako plazak zeuden hasieran, baina 70 izan ziren ikastaroan izena ematera hurbildu zirenak! Azkenean bi talde egin behar izan dira, eta 50 lagun dauzkagu euskarazko zuzenketen inguruko zalantzak ikastaroan argitzen. Antolatzaileek esan digutenez, harrigarriena horrenbeste jende artean unibertsitate ikaslerik ez dagoela da. Zuzentzaileek euren lana hobetu nahi duten seinale!
Etorkinak, ezagutzen al ditugu? Ba ote dakigu nondik etorri diren? Zertarako? Zergatik? Ezagutzen ote ditugu dauzkaten zailtasunak? Estereotipoek sarritan itsutu egiten gaituzte. Uste baino gutxiago dakigu. Etorkina izatea ez da erraza; alderantziz, zaila da, eta are zailagoa da emakumea eta etorkina izatea.
- Mailinek Seme-alabak etxean utzi ditu. Ez daki noiz ikusiko dituen berriz, eta heziko dituen pertsonarengan duen konfiantza baino ez zaio geratzen. Ezagutzen ez duen herrialde batean dago, ez ditu ez hizkuntza ez ohiturak ezagutzen. Nola sentitzen da?
-Ana Maria kolonbiarra da, psikologia ikaslea. Doktoretza tesia Bilbon egitea erabaki du.
Errealitate desberdinak, ezta?
Pertsona hauek gure gizartea osatzen dute. Beharrezkoa dugu, beraz, beraien errealitatea ezagutzea. "Emakumeak eta etorkinak" ikastaroak estereotipoak gainditu eta etorkinekiko dugun kontzeptua zabaltzea du helburu. Generoaren ikuspuntutik etorkina izateak dituen ondorioez haurnartuko dute ikastaroan, haien errealitatea hurbilagotik ezagutu eta ulertu ahal izateko.
Kimika entzun eta zer datorkizue gogora? Taula periodikoa batzuei, laborategiko bata zuriak besteei... alderdi asko ditu kimikak, eta alderdi horietako batzuk Eibarren, Markeskoan ditugu asteon. Energia aipatu dugu arinago, horren inguruko hausnarketak tarte handia izango du eta Kimikako ikastaroan. Baina bitxikeriak ere egongo dira. Laborategi txiki bihurtu zaigu gaurkoan gure Markeskoa.
Arratsaldean drogen kontrako analisi eta frogen inguruan jardun dute ikastaroan. Lehenengo, drogek eurek zer nolako sustantziak dituzten ikasi dute, eta gero frogak berak nola funtzionatzen duen ikusteko aukera ere eduki dute. Hainbat tresna daude drogen kontsumoa neurtzeko. Ikastarora ekarri dutena THC sustantzia neurtzeko izan da. Gernuarekin edo txistuarekin egin daitezke probok, eta sustantziak 24-48 ordu eman ditzake gure gorputzean. Probetak eta pipetak heldu dira Udako Ikastaroetara!!
Badakigu energia urriko mundu baten bizi garela. Aldaketa klimatikoa edota petrolioaren krisia guztion ahotan daude, baina zer egin behar dugu? Kontsumo energetikoa jaitsi eta egungo ohiturak aldatzeko gai ote gara? Zer dakar horrek? Agur telebistari, agur ordenagailuari, agur.... Aizu! Ez zaitez izan hain tragikoa! Energia kontsumoa gutxitzeak ez du esan nahi berriz kobazulora itzuliko garenik, ezta suaren inguruan bilduko garenik taparrabos ziztrin batekin.
Gehiegizko kontsumo arduragabe eta ase ezin batera ohituta gaude, baina ezin dugu horrela jarraitu. Gogoratu: ENERGIA URRIA DA. Horren inguruko hausnarketa hasi dute gaur, Kimikaren inguruko ikastaroan. Ardurak, ohitura eta erosotasunari irabazi behar dio borroka, batez ere beste aukerarik ez dugulako, gure ohiturek ez dutelako etorkizunik.
Nork maiteko zaitu zeure burua maite ez baduzu? Bixente Astiasuinzarra Biodantzako ikastaroa ematera etorri da gaur, eta astezkenera bitartean gorputzak esateko diguna entzuten irakatsiko digu; gorputza eta burua batzen ikasi behar dugu, bien batura baikara gu. Hori eta gehiago irakatsiko digu Bixenek musika ezberdinen bitartez.
Ostirala da, amaiera eman zaie jada Bertsolantegiari, OpenStreetMap, Kamishibai eta ondarearen inguruko ikastaroari. Baina oraindik badago non aukeratu, oraindik hiru aste dauzkagu aurretik, Eibar Baiona edota Iruñean. Izan ere, Udako Ikastaroen 36. edizioa, inoiz baino ikastaro parte-hartzaile eta erakargarrienek osatzen dute; espezializatuak, interes orokorrekoak eta nola ez norbanakoaren garapen pertsonalerako baliokoak. Datorren astean batzuk espezializatu egingo dira hizkuntzalaritzarekin, beste batzuek berriz biodantzari esker beraien burua hobeto ezagutzeko aukera izango dute.
Guztira 180 pertsona bilduko dira datorren astean Eibarren, hizkuntzalaritza, biodantza, emakumea, kimika edota psikologiaz zerbait gehiago ikasteko.
Linux-en inguruko ikastaroa izan dugu gaur Markeskoan, eta datorren ostiralean izango da bigarren saioa. Iratxe Esnaola arduradunak dioenez, teknologiaren munduan ez dago ez independentziarik ez askatasunik. Enpresa batzuei lotuta gaude guztiok, eta horrekin bukatu beharra dagoela dio Esnaolak. Software librearen alde egin beharko genuke guztiok, eta guztion artean globalizazioal dakartzan alde txar hauei aurre egin.
Igor Elortza izan dugu gaur Bertsolantegian Jon Maia eta Mikel Markezekin batera. Tradiziotik modernitaterako bideaz aritu dira, talka egiten ote duten eztabaidatzen. Eta denak ados daude; ez dago talkarik, tradiziotik edanez, tradizioa moldatuz sortzen dira berrikuntzak. Dantzak, musikak, bertsoak... tradizioa moldatu dute azken urteotan. Bertsolariei dagokienez, saioetan bertsolariek pertsonalitate multiploa izaten dutela, eta hori eskizofrenia dela esan du Elortzak. Bertsolantegia gaur bukatzen da, eta auskalo bihar non egongo diren bertan parte hartu dutenak. Bertsolariak bezalaxe hauek ere eskizofreniko xamarrak... baina lasai, eskizofrenia gaixotasun aktual bat omen da!
Ondarearekiko sentsibilizazioa izan da batez ere "Kultur Ondarearen didaktika" ikastaroan landu dutena. Izan ere, ez gaude batere ohituta ondarearekiko sentitzen duguna azaltzen. Ikasleek beraien ondare pertsonalaren garrantzi edo balioa, eta nola ez, sentiarazten diena azaltzea izan da lehenengo pausoa. Guztiok egin dezakegu froga; zein da zure ondarea? Aukeratu ezazu zapi bat, gustukoen dituzun belarritakoak, bertso edo gogoeta bat... eta ondoren saiatu azaltzen zergatik den hain garrantzitsua, zer gogoratzen dizun, eta batez ere zer sentiarazten dizun. Zure ondarea irakastea duzu helburu.
(Guantanameraren doinuaz) Bertsolantegi, Jon, Xabi, Andoni ta Fredi, Bertsolantegi, Jon, Xabi, Andoni ta Fredi.
Horrela amaitu zuen bere azken dezima Fredi Paiak atzokoan. Eibarko Coliseoan barre algarako hartu zuten dezimen saioko agur hori.
Dezima hegoamerika eta ertamerikako hainbat herrialdetan inprobisadoreek erabiltzen duten neurria da. Baina ez hori bakarrik. Metaforez betetako inprobisazioa izaten da, errezitatu ere egiten dena batzutan... zergatik ez horrelako gauza berezietatik edan?
Bertsolariak lanean jarri zituen atzo Xabi Payak, ederto lanean jarri ere. Errezitatu egin behar izan zuten, errima eskema berriekin inprobisatu, metaforak egin... Metaforen kontua bitxia izan zen. Entzuleek igarri egin behar izan zuten metaforen atzean izkutatzen zen hitza, bertsoak asmakizunak bailiran. Baten batek besteek baino lan gehiago izan zuen; Jon Martinek hiru bertso kantatu behar izan zituen euria deskribatzeko. Fredi Paiak, bere aldetik, txupatxusaren goiko bola burua dela erakutsi zigun.
Egaña El txotos (txapeldunari Fredik jarritako ezizena) fin ibili zen, baina apuru bat baino gehiago ere pasa zuen Xabik lau esaldi eman zizkionean bertso baten sartzeko. Azkenean, baina, Coliseoan bildutako hiru bertsolariek txapeldunak direla erakutsi zuten, bai bertsotan, eta baita dezimatan ere.
Ea horrelako saio txundigarri hauekin gozarazten jarraitzen duten!!
Ondarea zer dela dakizulakoan zaude, baina agian kontzeptu hau zuk uste baino haratagoa doa. Herriko plazan, erdi- erdian dagoen monumentu hori ondarea da bai, baina zer diozu herria zeharkatzen duen ibai hortaz, hori ere ondarea al da? Natura ere ondarea da. Ondare kontzeptuak arlo guztiak hartzen ditu, ondare pertsonaletatik hasi eta unibertsaletara arte. Materialak eta material gabeak izan daitezke, goizean entzun duzun bertsoa ere ondarea da, baita herriko jaiak ere. Gogoratu! Material gabea, materiala bera baino garrantzitsuagoa izan daiteke. Beraz, zer ez da ondarea. Uste baino zailagoa da, ezta? Kultur ondarearen didaktikak, ondarea ikasi eta irakastea du helburu. Ondarearen ezagutzan sakondu, hau ezagutu, baloratu, ulertu, errespetatu eta transmititzeko. Ondarea ikasi eta irakatsi egin daitekeela frogatzen du ikastaro honekin Kizkitza Ugarteburu, ikastaroaren antolatzaileak.
OpenStreetMap ikastaroko irakasle den Garikoitz Araolazak kontatu digu mundu osoko mapak egin nahi dituztela sistema honen bidez. Laster gure telefono mugikorrek GPSak izango dituzte, eta OpenStreetMapa erabiliz gure lagunak non dauden eta tabernarik onenak zeintzuk diren jakin ahal izango dugu. Dioenez, ume-joko baten antzekoa da mapeoa. Hain erraza ote?
Erratza eskuan hartuta ikusi ahal izan genituen atzo bertsolariak, zer, eta pastoralaren doinuaz etxea nork garbituko ote zuen bertsotan.
Eibarko Coliseoan izan genuen zita. Bertsolantegiko saio osagarrietako bat izan zen atzo: “Bertso-trama...eta gehiago” saio esperimentala izan genuen Josu Goikoetxea narratzailearekin. Antzezle lanetan jardun zuten Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Jon Maiak.
Etxe bat zuten antzeztoki. Bertsozale Elkarteko batzarra omen bertan, eta Sarasua eta Egaña falta. Etxe barruan hainbat gertakari harrigarri eta barregarri izan ziren: Maia Elortzari bere maitasuna aitortzen, Iturriaga bertsolaritza uzteko gogoetan... eta azkenean, krimen bat. Gai-jartzailea bahitu, eta tortura mota guztiak pasa zitzaizkien Goikoetxea hil aurretik.
Bertsolariek antzezle bikainak zirela erakutsi zuten, eta gezurra edo egia antzezten ari ziren, nork jakin! Lujabiok amaieran esan zuenez, “egiaren antzik badu kasualitate hutsa izan da”.
Gaur ere saio berezia izango da Eibarko Coliseoan. 20:30ean. Dezima izeneko neurri bereziarekin ibiliko dira bertsotan, Andoni Egaña, Jon Martin eta Fredi Paia. Dezimak munduko inprobisadore batzuek erabiltzen dituzten neurri eta doinu bereziak dira, eta gure artean oso ezagunak ez badira ere, aproba egingo dute gure bertsolariek. Xabi Paya izango da gai-jartzailea. ANIMATU COLISEORA! GUZTIENTZAKO SAIO BEREZIA IZANGO DA!!
Hemen direla! Iritsi zaizkigula ikastaroak!
Gaur goizeko 9tan ttanko izan ditugu lehen irakasle eta ikasleak Markeskoan. Kamishibaiaren inguruko ikastaroa, ipuin kontaketa berezia, japoniarra.
Ez du ipuin tradizionalaren batere antzik, antzerkiaren itxura gehiago du, bere izenak dioen bezala: kami (papera) eta shibai (antzerkigintza).
Kamishibairen inguruko informazioa non bilatu ere izango duzue blog honetan.
Lehenak izateagatik, gainera, oparia ere izan dute Kamishibai ikastoroko ikasleek... Sarrera ekitaldian egoteko aukera, eta nola ez, pintxo ederrak dastatzekoa ere bai.
Atzo kamishibaiak... eta gaur bertsolariak...

Argi dago Udako Ikastaro hauen hasiera ahozkotasunaren ingurukoa dela. Baina, Aratza Mariscal Bertsolantegiko arduradunak esan digunez “Bertsolantegi hau ez da bertsotan ikasteko, bertsolaritzan oinarrituta kulturaren inguruan gogoeta bat planteatzeko baizik”. Eta horretan hasteko, Aizpea Goenana aktorea etorri zaigu... antzerkigintzak bertsolaritzari eman diezaiokeenaz hitz egitera. Parte-hartzaile guztiak arnasketa ariketak egiten jarri ditu, erlaxatuta hasi behar baita lanean. Eta Kamishibaizaleak ere erlaxatuak joan dira etxera Josu Jimenezen ipuin goxoak entzun eta gero.
Ikastaroei hasiera emateko, menu goxoari lehen osagaiak ematen hasi gara dagoeneko Eibarren.
Sarrera ekitaldia izan da gaur, eta ekitaldian hitzaldia ematen Arturo Elosegi izan da, Biologian doktorea eta UEUkidea. "Ingurumenaren aldaketa globala: biziraupena auzitan" izan da bere berbaldiaren izenburua, eta gizakiok gero eta gehiago kutsatuz eta kontsumituz ingurumena bortizki aldatzen ari garela ohartarazi digu. Ekosistemak asko aldatu dira, eta aldaketa horiek mantsontzeko ahalegina premiazko ikusten du Arturo Elosegik. Garestia izango dela dio, baina ezer ez egitea, garestiagoa. Biziraupena auzitan baitago. Gaur egungo bizitza erritmoaz jarraitzeko 1,3 planeta beharko genituzke, eta horrelakorik ez daukagu.
Ikastaroei sarrera emateko, ingurumenaren inguruko hausnarketa, beraz, gaurkoan.
Asteburua heldu aurretik astelehenerako dena gertu-gertu jarri behar... Eibarko M
arkeskoa jauregian goizean goizetik "garbiketa brigada" martxan izan da, eta dena disdiratsu dago dagoeneko!!
Kirio batzuk ere nabari izan dira airean, ez da ezer falta-eta ikastaroetarako!!
Eibarko ikastaroetarako dena prest!!

Ekaina aurrera doa, eta laster San Juanak ditugu gainean! Hainbat herritako jaiak laster hasiko dira, baita Eibarkoak ere. Jaiak amaitu eta handik gutxira Markeskoa inguruan giro berezia izango da...ikaslez beteko zaigu-eta UEUko Eibarko egoitza.
Gaur aurkeztu dira prentsaurrean Eibarko 12 ikastaroak. Bi astez jarraian, hainbat kontu ikasteko aukera egongo da. Eskaintza aurkezteko Itziar Iciar ikastaroen arduraduna, Lore Erriondo UEUko zuzendaria eta Mari Jose Telleria Eibarko Kultura Zinegotzia izan dira.
Udako Menuaren sarrerako jaki gozoak prest daude ba, San Juan osterako!!

Uztaila gainean dugula orain hasi gara nabaritzen. Eguzkiak bisita egin du aspaldiko partez Euskal Herrira, eta uda giroa dugu gurean... UEUn ere igartzen dugu dagoeneko uda eta ikastaroak gero eta gertuago ditugula!
Hasieran ekainaren 20a izena emateko azken eguna bazen ere, orain luzatu egin dugu matrikulazio epea. Ikastaroa hasi aurreko astera arte izango dute ikasleek gustoko ikastaroan izena emateko aukera.
Beraz, agenda eskuan hartu, eta idatzi:
- Eibarko lehen asteko ikastaroetan parte hartzeko....EKAINAREN 20A baino lehen eman beharko da izena
- Eibarko bigarren astekoetarako, berriz, EKAINAREN 27A baino lehen.
- Baionako ikastaroetarako UZTAILAREN 4A aurretik matrikulatu beharko zarete
- Iruñeko ikastaroetan izena emateko UZTAILAREN 11A izango da azken eguna
Udako ikastaroen aurkezpena egiteko prentsaurrekoa izan dugu Baionan, eta Elkar megadendan hainbat jende batu zen. Lehenengo kazetariak izan genituen prentsaurrekoan. Prentsaurreko ostean, luntx eder baten Baiona inguruan euskalgintzan dabilen jendea batu zen megadendan.
Baionako ikastaroak uztailaren 14tik 18ra izango dira, IUT unibertsitatearen ondoko Apez Etxean. Bertan ostatua hartzeko aukera izango dute ikasleek, beraz, animatu! Guztira hamaika ikastaro izango dira, eta matrikula epea zabalik dagoela gogoratzen dizuegu!

Beleixe irratiko eguneroko kroniken bidez udako ikastaro bakoitza hobeto ezagutzen dugu.
Eskerrik asko Oihana eta Eneida!
Ba orduan adi-adi irakurri udako ikastaroen web gunean dugun DIRU-LAGUNTZAK atala. Hala ere, laburpen moduan, hona hemen hainbat argibide:
1. UEUk ikasle, langabetu eta jubilatu guztientzat beherapen interesgarriak eskaintzen ditu.
2. Bizkaitarrentzat, bertako Foru Aldundiak unibertsitate ikasle eta ikasle-ohientzat LAGUNTZA HANDIAK DITU MATRIKULA, JOAN-ETORRIKO GASTUETAN eta EGOITZAN.
3. Donostiarrek matrikula doan izateko aukera daukate Euskararen Udal Patronatuak lagunduta.
4. Bestetik, Euskal Herriko hainbat udalek beraien herritarrei diru-laguntzak emango dizkiete. Zerrenda guztia web gunean duzue. Baina zuen herria ez bada agertzen ere badaezpada deitu euskara edo kultura alorrera eta galdetu.
Ikusten duzue udako ikastaroetara prezio onean etortzeko aukera ederra duzuela. Beraz, aprobetxatu!
Atzoko prentsaurrekoa ederki joan zen. Urduritasunak urduritasun, aretoa kamera, micrófono eta grabagailuz bete zen. Kazetari batek esan zigun bezala, “Iruñean badaude urtean zehar hainbat mugarri komunikatibo, eta horietako bat UEUren udako ikastaroak dira”. Pozik geratzen zara horrelakoak entzunda.
Hainbat komunikabideetan azaldu gara gaur:
eta badirudi datozen egunetan ere joera hori izango dela. Ez beharbada egunkarien lehen orrietan edo albistegietako lehen berri moduan, baina bere xumetasunean tinko.
Ea jendeak gustuko duen eskaintza eta izena ematen duen.
(Argazkian atzoko prentsaurrekoaren protagonistak, ezkerretik eskuinera: Irati Iciar, udako ikastaroen arduraduna; Lore Erriondo, UEUko Zuzendaria eta Edurne Koch, UEUko Nafarroako arduraduna)
Urduri gabiltza gaur bulegoan; Irati, edurne eta ni bai behintzat.
Bihar aurkezten ditugu udako ikastaroak Iruñean. Hainbeste denbora prestaketan ibili ondoren, ea nolakoa den gizarteak egiten digun harrera.
Gure aldetik egin behar genuena egin dugu (beno, beti egin daiteke gehiago, ezta?)
Ea zorterik dagoen!