Atea zabalik daukazu
Udako Euskal Unibertsitateak hogeita hamahirugarrenez antolatzen ditu udako
ikastaldiak. Aurtengo honetan, Miarritze, Iruñea eta Eibarren gainera,
etengabeko biziberritzean. Aukera zabala eta askotarikoa UEUko sailek
antolatutako ikastaro hauetan, urtean zehar landutako gaiak baitakarzkigute
udako egoitzetara, eta zabal-zabalik ditugu ateak zuretzat.
UEUren udako ikastaldiak unibertsitario euskaldunen bilgune izateaz gainera
euskal kulturaren erakusleiho txiki bat ere badira. Hauek antolatzea
oraindik ere beharrezko jotzen dugu, beren bitartez, komunitate
unibertsitario euskaldunak elkarren berri duelako, elkar ezagutu, lanak,
proiektuak, ikerketak partekatu,.... UEUren udako ikastaldiak unibertsitario
euskaldunen bilgune eta kohesio-gune dira. Dagoeneko Unibertsitateetako
irakasle euskaldun belaunaldi batzuk igaro dira UEUren ikasgeletatik eta,
oraindik ere, ikus daitezke belaunaldi berrietako irakasleak gure
ikastaroetan, behin eta berriz zeharkatu dituzte gure ateak eta aurtengoan
ere zabalik dituzte.
Unibertsitateko ikasleek, bestelako erreferentzia izan ohi dute UEUko
ikastaroetan. Hurbilagoa, irekiagoa, anitza eta alaia. Ikasleek eurek izaten
dira UEUko ikastaroen protagonista nagusiak. Ekarpenik interesgarriena,
UEUko ikastaroetan bizi ohi den etengabeko berrikuntza eta
diziplinartekotasun giroa da. Hezkuntza eta kulturaren hedapena bere
gordinean agertzen da gure ikastaro hauetan. Gehienak beren ikasketetan
sakontzeko asmoz badoaz ere, hainbat, osatze asmoz, beste jakintzatan
murgiltzen zaizkigu. Ez dago hesirik, ez mugarik. Nornahik zernahi egin
dezake. Gogoa da eskatzen zaion baldintza bakarra. Gure ikastaroak gazteak
dira gazteak direlako gehien hurbiltzen zaizkigunak. Baina, gurasoak eta
seme-alabak elkarrekin ikusi ahal izan ditugu inoiz ikastaroetan, beti
gazte. Pozgarria da, zinez, eta horregatik zabaltzen dizkiegu aurten ere
ateak.
UEUren udako ikastaroak Euskal Kulturaren garapen eta hedapenerako
beharrezkoak dira. Euskal Kulturak ez du plaza askorik, ez dauka
hedapenerako baliabide askorik. UEUren udako ikastaldietan euskal kulturaren
berrikuntzak leku berezia izaten du. UEU Euskal Kulturaren berezko plaza
dela esan genezake. Eta horrela da, UEU bera Euskal Kulturaren erraietatik
sortua izan delako. Ikastaldietako saio osagarrietan UEUk aukera zabala
eskaintzen du kulturaren alderdi desberdinetako ekarpenak ikusteko,
entzuteko eta gozatzeko. Ate eta leihoak zabaldu eta plazara irteteko asmoa
dugu aurtengo udan berriz ere.
UEU Euskal Herriko gizartearen ekimenek sortua da, Euskal unibertsitatea
aldarrikatzeko eta Euskal Unibertsitatea bera errealitatea izan dadin lan
egiteko, eta horrexegatik, gizarte osoari irekitako ikastaroak dira UEUk
antolatzen dituenak. Aurten, ohi moduan, Euskal Herriko hiriburu zaharrean,
Iruñako ateak zabalduko ditugu; baita udako oporralditako Lapurdiko
Miarritze xarmangarriarenak ere, eta lehenbizikoz Eibar, langileriaren
hirikoak ere zabal-zabalik izango ditugu, jakituria eta ezagutzaren
gizartean eskubide osoko pertsonak izan gaitezen.
Bertan topo egingo dugulakoan.
Lore Erriondo Korostola
UEUko Zuzendaria