Urratsez-urrats, udatik-uda, sustraiak berpiztuz, 34. aldiz antolatzen dugu aurten Udako euskal unibertsitatekideok udako ikastaroak, Eibar, Baiona eta Iruñean, uztaileko lehen hiru astetan . Gure izate eta nortasunari eutsiaz, gaurko premiei erantzun nahiaz biharkoa hobea izateko ahaleginean, aukera ugari lantzeko erronka ez da makala eta urte osoko lana behar izaten du UEUk ikastaroak biziberritzeko.
Baionara itzultzen dira aurtengoan udako ikastaroak, gazteen indar eta aldarrikapenaz bero-bero eta bizi-bizi dagoen Baionara eta uztailaren bigarren astera aspaldiko partez. Egoitza berria, asmo zaharra eta gazteen kemen eta jakinmina dugu erronka.
Ipar Euskal Herriko magalean unibertsitari euskaldunak kulunkatu eta euskaldun guztion taupadak somatzeko ahaleginean murgildu gara.
Gorazarre egin nahi diogu duela 34 urte lehen hatsa eman zigun Ipar Euskal Herriari eta sustraien erroa galdu ez dugunez, aurtengo udako ikastaroak Ipar Euskal Herrian UEU sortarazi zuen loraldiari omenaldia eskaini nahi diote.
Hortik aurtengo leloa, nahiz eta sustraiak ez diren piztu edo berpizten, sustraiei lotuta egonik, berpiz dezakeguna, hastapen hartako ilusioa da. Ez dugu horretarako garai txarra alajaina!
Udaz gaindi, urtean zehar ere hainbat ekitaldi egingo dugu Euskal Herriko eskualde honetan, UEU ezagutara eman eta bertako jendea zein elkarte/erakundeak gure proiektuarekiko atxikimendua areagotu dezaten. horretan egingo dugu indarra aurten.
Izan zaitez zu ere partaide!
Bertan topo egingo dugulakoan.
Lore Erriondo Korostola
UEUko Zuzendaria