• PDF fitxategia

Zuzendariaren hitzak

ZUZENDARIAREN HITZAK

Hogeita hamaseigarrenez, udako menu ustez freskagarria antolatu dugu aurten. Puntako menu osasuntsuek behar duten bezala, sasoian sasoikoak, tokian tokikoak eta kalitaterik oneneko produktuak hautatu ditugu jakintzaren merkatuan. Asko dira, ordea, atera zaizkigun menuak, eta zuri utziko dizugu hautatzen gustukoen duzuna eta horrela zure menu propioa egiten, atseginaren edo dituzun premien arabera.

Horrela, Eibarren eskainiko ditugu zizka-mizkak, Markeskoa gure Ikastetxe Nagusian. Guztiak ezin aukeratu, baina badugu guztiok asetzeko adina: bertsoak, emakumeak, etorkinak, ikasmaterialak, mapa libreak, kimikaren bitxikeriak, kultur ondarea, Kamishibai ipuin-kontalaritzarako teknika japoniarra, bitartekaritza gazteekin, 18/98 sumarioa eta biodantza.

Gutiziak, Baionan eskainiko ditugu. Gutizien artean ere baduzue non aukeratu: bakarrizketarako tailerra, gorputz-adierazpena, bideo-ikastaroa, nazioarteko gaiak, teknologia berriak hezkuntzan, sexualitatea, euskararen legeak, sendabelarrak eta koloreen gaineko euskal ikuskera lantzeko tailerra. Ipar Euskal Herriari lotutako gaiak ere landuko ditugu soziologia alorrean: prentsa eta hezkuntza, hain zuzen.

Eta azkenburukoak Iruñean. Batzuek diote azkenburukoekin soilik antolatuko luketela menu osoa, eta nahi izanez gero, badago zerekin: euskararen botere ekonomikoa, immigrazioa, Wikiak, soinu-bitakorak, kontu-kontari tailerra, kultur ondarea, irakaskuntza-metodo alternatiboak, bitartekaritza familiarra, sexologia, komunikazio-trebetasunak eta estresari aurre egiteko yogako 14 izpi..

Prezioak ere, aukeratzen duzun menuaren araberakoa duzu, baina gogoan izan ia dohainik atera dakizukeela, diru-laguntza ugari daudelako, ez beraz uko egin menu bikaina dastatzeari prezioak beldurtuta.

Sartu gure web gunean www.ueu.org antolatu zure menua eta lagundu ingurukoei haiena prestatzen.

Edozein zalantza, kezka duzula, partitu gurekin eta elkarrekin topatuko dugu irtenbidea.

Eser zaitez gure jangelan eta gozatu menuarekin!

 

BABESLEAK


eusko jaurlaritza - unibertsitate saila

 

eusko jaurlaritza - lehendakaritza

 

bizkaia

Kultura saila

 

 gipuzkoako foru aldundia

Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentua